XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gainestratua Ik. SUBSTRATUA / SUPERESTRATUA / ADSTRATUA.

Gaingeruza Ik. SUBSTRATUA / SUPERESTRATUA / ADSTRATUA.

Gaitasuna Ik. KONPETENTZIA.

Galdetzailea interrogativo, interrogatif, interrogative 1. Zerbaiti edo norbaiti buruz galderak egiteko erabiltzen diren izenorde, adjektibo eta adberbioak galdetzaileak dira.

Galdezko izenorde eta adjektiboak deklinatu egiten dira euskaraz.

Galdezko adberbioek lekua (non), denbora (noiz), modua (nola) edo zenbatasuna (zenbat) adierazten dute.

Hiru partikula galdetzaile daude euskaraz: a) al (Ikusi al duzu?); b) -a aditzondoko partikula (Etorri dea?); c) ote, zalantzazko galdera adierazten duena (Ikusi ote du?).

2. Galde-perpaus edo perpaus galdetzailea galdera bat jartzen duen perpaus-mota da; baiezpen-perpausetatik izenorde edo partikula galdetzaileak erabiltzeagatik, intonazio bereziagatik, hitzen ordena desberdinagatik edo, batzutan, zenbait hizkuntzatan, indikatiboa ez erabiltzeagatik berezten da.

Garaia alto, haut, high 1. Batzutan, espektroaren goiko aldean kokatzen den ahoko, edo bigarren, formanteari esaten zaio formante garaia beheko aldean kokatzen den faringeko, edo lehen formanteari aurkajarriz.

Ahoko formantearenaren goitiko maiztasunetan aurkitzen diren formanteak ere garaiak deitzen dira: adibidez, sudurreko formantea eta bokal zorrotzen formante berezia.

2. Bokal garaia, mihia posizio garaian dagoelarik gauzatzen den bokala da, hau da, mihia airearen pasabidea eragotzi gabe aho-sabaitik ahalik eta gertuen dagoelarik.

Bokal garaiak barreiatuak dira akustikaren aldetik.

Garbizaletasuna purismo, purisme, purism Teknikak eta bizimoduak berritu ala, hiztegia ere aberasteko eta berritzeko beharra gertatzen da hizkuntza guztietan.

Aberasketa edo berrikuntz behar honetan, joera batzu agertu ohi dira: bai Euskal Herrian, bai beste herrietan ere.

Alde batetik, mailegu bidez konpon daiteke arazoa.

Garbizaleen ustez, berriz, jokabide hori mordoilokeria besterik ez da; eta besterik asmatu behar da, baina hizkuntza berean iturriak bilatuz.

Atzerritar kutsuak oro baztertu nahiz, horretara, muturreko jarreran egon ohi dira garbizaleak: mailegurik ez, gutxi gora behera.

Eta joera honi garbizaletasuna deritzo.

Bi muturren artean, jatortasuna jar daiteke (casticismo, casticisme, ondoko erdaretan; maileguei atea itxi gabe ere, bertako mintzaira-sustraitik abiatu nahi dutenen joera, alegia.

GAVEL, Henri 1880an Saint-Pol-Sur-Ternoise-n jaio zen hizkuntzalari hau.

Lanbidez erromanista zelarik, batipat espainiera eta kaskoina arakatu zituen, baina, hauen ondoan euskara ere bere aztergaietan sartu zen.

Euskararen alorrean Elémenfs de pbonétique basque liburua izan daiteke aipagarriena, eta honekin batera ezin ahantzizko Grammaire basque, bukagabe utzi zuena: lehen tomoa bakarrik argitaratu zuen eta Lakonbe-rekin batera lantzen ari zen bigarrenaren zatiak Gure Herria aldizkarian, ikusi zuen argia.

Erdi Aroko poesiari buruzko azterketa kritiko bat ere egin zuen: Bereterretxen Khantoria.

Tolosa-ko Unibertsitateko irakasle eta ohorezko euskaltzain hau 1959an Angelun hil zen.

Gehikuntza adición, addition, addition Gramatika sortzailean transformazio batetan elementu bat gehitzen duen operazioari gehikuntza deitzen zaio.